skip to Main Content
(34) 945 12 35 38 eurobasque@eurobasque.eus

EuroBasque (Consejo Vasco del Movimiento Europeo)

Egikaritze-laburpena

2017aren hasieran, Europar Batasuneko erakundeek eztabaida bat ireki zuten Europaren etorkizunari buruz, eta estatu, herri, eskualde eta gizarte zibil guztiak gonbidatu zituzten parte hartzera. Eskaera hari erantzunez, Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak Europaren etorkizunari buruzko gogoeta-prozesu bat hasi zuen, irekia eta parte-hartzailea, amaieran eztabaidari egindako ekarpenak dokumentu propio batean idazteko asmoz1.
Hona dakargun testu horren oinarrian, hitzaldi bat dago, eta, gero, Zuzendaritza Batzordearen, Europako integrazioan adituak diren pertsonen, Eurobasqueko Batzorde Nagusiko kideen, gazteen eta gizarte zibileko zenbait elkarteren ekarpenekin osatu da.
Gogoeta zabal horren ondoren, Eurobasqueren ondorioa zera da: Europa inoiz baino beharrezkoagoa da, eta ezinbestekoa da Europako integrazio politikoaren prozesua sendotzea, betiere kontuan hartuz integrazio-eredua eta haren diseinu instituzionalaren elementu batzuk berrikusi, osatu eta hobetu behar liratekeela. Zehazki, aipagarria da zein beharrezkoa den haren dimentsio soziala sendotzea –Europako solidaritatea garatuz eta indartuz– eta haren bokazio federala indartzea, eredu politiko demokratikoago eta eraginkorrago baterantz aurrera egiteko. Eredu horretan, hain zuzen, erabakiak Europa mailan zein eskualde mailan hartzea indartu behar da, eta nazionalitate konstituzionalak eta legegintza-eskumenak dituzten eskualdeak ere gobernantza-ereduan sartu.


I. Sarrera

I. Sarrera

a. Euskal herritarrok, Europako gainerako herriek bezala, faxismoa, diktadura, erbesteratzea eta gerrak sufritu genituen. Hala ere, hasieratik bat egin genuen kontinentea era baketsu eta demokratiko batean politikoki batzeko ametsarekin. 1948an, erbesteko euskal agintari demokratikoek Hagako Europako Batzarrean parte hartu zuten, baita Europa demokratiko bat era baketsu batean eraikitzeko ekimen guztietan ere.

b. Europar Batasunaren oinarria ez dira interesak bakarrik, halakoak legitimoak izan arren, baizik eta balio partekatu sendoen multzo bat. Eztabaida honetan, beharrezkoa dugu Europaren ikuspegi humanista hori gogoan izatea eta enfatizatzea: faxismoen aurkako borroka eta gerrari uko egitea gatazkak konpontzeko mekanismo gisa baliatuz, baita giza duintasuna, askatasuna eta solidaritatea defendituz ere; azken batean, pertsona politikaren erdigunean jarriz.

c. Eurobasque Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak kezka handiz bizi izan zuen Europar Kontseiluaren eta Britainia Handiko gobernuaren arteko negoziazioa 2016ko otsailaren 18an eta 19an. Azkenean, Erresuma Baturako erregimen berri bat onartu zen Europar Batasunean, betiere Britainia Handian erreferendum bat egin eta EBn geratzea aukeratuko balute.

d. Britainia Handiko erreferendumaren emaitza albiste txartzat jo arren (ondorio larriak ekarriko baitizkie uharteetako zein Europako gainerako herritarrei), Eurobasque pozik dago Britainia Handiaren estatus berriari dagokion akordioa ez delako indarrean jarri, batez ere akordio horretan onartzen delako estatu kide batek ez duela zertan konpromisorik izan Europar Batasunarekin; izan ere, Europako herrien artean gero eta batasun estuagoa izatea sustatzen du Europar Batasunak. Konpromiso hori ez da ordaindu beharreko bidesari bat, nahiz eta Brexitaren aldezle askok horixe aldarrikatu zuten hauteskunde-kanpainan, baizik eta integrazio-prozesuaren giltzarria. 27 gobernuek eta Europar Batasuneko erakundeek honako hau jakinarazi zuten 2017ko martxoaren 25eko Erromako Adierazpenean: «Europaren batasuna behar bat da, baina baita guk askatasunez egindako aukera bat ere».

e. Eurobasquek gogorarazi nahi du Europako integrazioari gaur egun ematen ari zaion bultzada berritzailea Europako Parlamentuaren eskutik etorri dela neurri handi batean, 1980ko hamarkadaren bigarren erdialdean gertatu zenaren antzera. Dokumentu hauen balioa azpimarratu nahi dugu: EBko gaur egungo sistema instituzionalaren bilakaera eta egokitzapen posibleei buruzko txosten-proiektua, 2016ko uztailaren 5ekoa; eta 2017ko otsailaren 16an onetsiriko hiru ebazpenak, bereziki EBren gaur egungo konfigurazio instituzionalaren aldaketa eta egokitzapen posibleei buruzkoa eta 2017ko apirilaren 5eko Erresuma Batuak EBtik bereiziko zela jakinarazi zuenetik herrialde horrekin egindako negoziazioei buruzkoa. Bestalde, aintzat hartzeko modukoak iruditzen zaizkigu Europako Batzordeak egindako lanak, batez ere Europaren etorkizunari buruzko liburu zuria eta gogoetarako dokumentuak.

f. Eurobasquek uste du nahi eta behar dugun Europan beharrezkoa dela tratatuak sakonki erreformatzea. Horretarako, konbentzio bat egin behar litzateke, hainbat ordezkarirekin: estatuetako parlamentuen eta nazionalitate konstituzionalen ordezkariak, estatu-gobernuak, Europako Batzordea, Europako Parlamentua, Batzorde Ekonomiko eta Soziala, eta Eskualdeetako Lantaldea. Era berean, eraginkortasunez irekia behar luke izan Europako herritarren eta gizarte zibilaren partaidetzara.

g. Halaber, gure egiten dugu Europako Batzordeak «Europa nahieran» edo «Bi abiadurako Europa» ideiei egindako kritika, Europaren sorrerako espirituaren aurka doazelakoan. Estatu guztiek eremu guztietan politikak hautatzeko aukeraren ondorioz, arriskua dago Europar Batasuna koherentzia urriko, kudeaketa-arazo handiko eta herritarrei ia azaldu ezinezko entitate politiko bilakatzeko.

h. Nolanahi ere, denok batera aurrera egiteko borondate politiko nahikorik ez badago, formularen bat bilatu beharko da hasierako proiektuari leial zaizkionek aukera izan dezaten «herrien arteko erkidego zabalago eta sakonago baten oinarriak indartzeko» eta «etorkizun partekatu bat gidatzeko gai diren erakundeak sendotzeko»2 , Robert Schumanek 1950eko maiatzaren 9ko adierazpenean aipatu zuen Europako Federaziorantz aurrera egiteko3. Alde horretatik, zehaztu behar litzateke horixe dela Europako integrazioaren azken helburua.

i. Beharrezkoa da, bestalde, Europar Batasunak erabakiak hartzeko eta Europako politikak inplementatzeko dauzkan mekanismoak indartzea, gobernuartekotasuna mugatuz eta funtzionamendu instituzionala orekatuz; azken batean, erkidego-dimentsioa finkatuz, horixe baita integrazio-prozesuaren muina.

j. Ez da ahaztu behar estatuek Europa mailako eta nazioarteko arazoak lantzeko eta konpontzeko zituzten mugen ondorioz sortu zela Europar Batasuna. Estatuek ezin dute asmorik izan Europar Batasunaren kudeaketa eta kontrola monopolizatzeko, horrek nabarmen mugatuko bailuke haren potentziala. Gainera, beharrezkoa da EB ikusgarriagoa izatea, herritarrek ideia erreal bat izan dezaten Europar Batasunaren, estatuen eta gainerako gobernu-mailen ekintzei eta ardurei buruz.

k. Gogoeta orokor horietatik abiatuz, hurrengo atalean, Europaren etorkizunari buruzko gaur egungo eztabaida aberasteko zenbait proposamen azalduko ditugu.


II. Eskumen berriak, Europako integrazioa handiagoa eta hobea izan dadin

II. Eskumen berriak, Europako integrazioa handiagoa eta hobea izan dadin

1. EBri gizarte-arloko eskumenak transferitzea, gaur egun bidegabeki dauzkanez harago, besterik gabe estatu kideen ekintza babesteko eta osatzeko. Zehazki, proposatzen da EBFTren 153. artikulua aldatzea, EBri gaitasun juridikoa emateko lan-baldintzen, osasun- eta segurtasun-ingurunearen, segurtasun sozialaren eta babes sozialaren, eta bazterkeria sozialaren aurkako borrokaren arloetan, besteak beste. Eskumen berria oinarritzat harturik, proposatzen da Europako Gutxieneko Soldata sortzea, herrialde bakoitzeko bizitza-kostuaren araberakoa, baita gutxieneko sarrerak bermatzeko sistema bat ere, estatu- zein eskualde-mailakoen osagarri. Europako LGSaren ehuneko-tarte bat ezar liteke (adibidez, % 50 eta % 85 artekoa). Estatuko edo eskualdeko legegile eskumendunak ezarriko luke. Politika sozialera bideraturiko gastuak ez lirateke kontuan hartu behar defizita eta zorra kalkulatzeko orduan.

2. Beharrezkoa da Europaren etorkizunari buruzko eztabaidan gazteak aintzat hartzea. Haien parte-hartze demokratikoa sustatzeko, proposatzen da 16 urtetik gorako pertsona guztiek botorako eskubidea izatea 2019ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan.

3. Tratatuetan jasotzea Europako Parlamentuak Batzordearen presidentea aukeratuko duela alderdiek Europako hauteskundeetan aurkezturiko hautagaien artean. Herritarren botoaren eta Batzordearen presidentearen hautaketaren arteko lotura zuzenari esker, hobeki ulertuko litzateke Europar Batasunaren sistema politiko ulertezina, eta herritarrak erakundeetara hurbilduko lirateke.

4. Europako Batzordearen naziokako osaera aldatzea eta osaera arrazionalago eta eraginkorrago baten alde egitea: komisario gutxiago izango lirateke, eta bertan behera geratuko litzateke estatu bakoitzak postu bat izan behar duela dioen printzipioa. Bestalde, errotazio- edo konpentsazio-sistema baten bidez, desbideratze nazionalak saihestuko lirateke komisarioak hautatzeko orduan.

5. Herritarrek legeak egiteko ekimena izatea. EBTren 11.4 artikuluak zera ezartzen du: «Europar Batasuneko milioi bat herritarrek gutxienez (estatu kide kopuru handi bateko herritarrak) aukera izango dute ekimena hartzeko eta atribuzioen esparruan Europako Batzordeari eskatzeko proposamen egoki bat aurkez dezan herritarren ustez Europar Batasunaren egintza juridiko bat behar duten gaiei buruz, tratatuen aplikazioaren helburuak bete daitezen
CKontuan hartuz xedapen horrek oso harrera ona izan duela herritarren artean eta Europar Batasunaren legitimitatean aurrera egiteko aukera ematen duela, baina ez dela nahikoa garatu herritarren ekimenek merezi duten eragina izan dezaten politikaren eta legeen esparruetan, proposatzen da Batzordeak betekizun zorrotzagoak izatea herritarren eskaerak arbuiatzeko orduan. Zehazki, proposatzen da Europako Parlamentuak aztertu eta baliozkotu ditzala eskaerak arbuiatzeko azalpenak. Europako Parlamentuak uste badu azalpenok ez daudela behar bezala egiaztatuta, kontuak eskatuko dizkio Batzordeari, eta eskaeraren bideragarritasuna aztertzeko batzorde egokiago batean eztabaidatuko da gaia.

6. EBko zerga-harmonizazioaren testuinguruan, EBFTko 113. eta 115. artikuluetan aurreikusitako lege-prozedura berezia eta Kontseiluaren ahobatezkotasuna aldatzea eta haien ordez Europako Batzordearen lege-prozedura arrunta ezartzea. Era horretan, zerga-harmonizaziorako zuzentarauak onartzea erraztuko litzateke; esate baterako, sozietate-zergaren gutxieneko eta gehieneko interes-tasak ezarriz gero, dumping fiskala desagertuko litzateke.

7. Europar Batasunaren aurrekontua eta baliabide propioak handitzea. Beste neurri batzuen artean, proposatzen da tarifa komun bat ezartzea finantza-transakzioetarako eta kutsatzen duten inportazio-enpresei zerga bat ezartzea EBren mugan.

8. Tratatuetan txertatzea Europar Batasunaren zuzenbidearen lehentasuna eta eragin zuzena estatuen zuzenbidearen gainetik daudela, EBren botere eta politiken barruan. Beharrezkoa da tratatu konstituziogilean ezarritakoa berreskuratzea, Lisboako Tratatuari atxikitako adierazpena ez baita nahikoa. Izan ere, Robert Schumanen 1950eko maiatzaren 9ko adierazpenaz geroztik, horixe da eskumenak lagatzeko printzipioaren –zeina oinarrizkoa baita Europaren osaeran– interpretazio koherentea.


III. Aurrera egiteko beste esparru posible batzuk

III. Aurrera egiteko beste esparru posible batzuk

1. Pausoak ematea iheslarien krisi humanitarioa Europa mailan kudeatzeko politika bateratu bat lortze aldera

2. Mekanismo bat eratzea, estatu kideek eta EBk partekaturiko eskumen baten bidez, Europar Batasunak europar herritartasuna eman diezaien estatu kideez kanpoko herritarrei, baldintza eta suposizio jakin batzuen mende.
Iheslari eta erbesteratuei dagokienez, Europar Batasunaren ordezkaritzek osatuko lituzkete estatuek herritarrei Batasunetik kanpo emandako zerbitzuak, eta Europar Batasuna has liteke estatuekin politika eraginkor, autonomo eta koordinatu bat garatzen. Horretan aurrera egiteko neurri iragankor bat izan liteke Europako txartel berdea sortzea, Europako Batzordeak kudeatuta.

3. Hiru estatu eta hiru hizkuntzatan baino gehiagotan jarduten duten komunikabideen sorrera sendotzeko neurriak, Europa mailako iritzi publikoa sendotu dadin.

4. Nahitaezko ikasketak egin bitartean, Europako ikasle guztiek aukera izan behar lukete gutxienez sei hilabeteko egonaldi bat egiteko Europar Batasuneko beste herrialde batean. Horretarako, EBk baliabideak mobilizatu behar lituzke halako ekimenak finantzatzeko, batez ere baliabide gutxien dituzten familientzako beka-sistema baten bidez.

5. Sustatu eta erraztu behar litzateke, baita EBk finantzaturiko diru-laguntzak eman ere, estatu kide guztietan Europako hizkuntzak ikastea (urgentziaz, estatu eta eskualde bakoitzeko hizkuntza ofizialak, eta, apurka-apurka, gainerako hizkuntza guztiak, Europar Batasuneko kultura-ondare komun onena eratzen duten heinean).

6. Europako unibertsitate publikoa sortzea, estatu kide guztietan egoitzak eta campusak ipinita eta EBren baliabide propioekin finantzatuta. Haren helburua zera litzateke: unibertsitate-sistema nazionalak osatzea eta Europako eta munduko unibertsitate-praktika onenak biltzea, bai maila akademikoan eta ikerketa mailan, bai antolaketaren eta barne funtzionamenduaren mailan. Hala, Europako unibertsitate- eta ekoizpen-sistema osoaren berrikuntzaren bultzatzaile eta eredu nagusia izango litzateke. Hasteko, gradu eta graduondoko berritzaileak ezar litezke azaleratzen ari diren arloetan eta diziplinez haraindikoetan, betiere Europarentzat interes komunekoak badira.

7. Europako Batzordeak txosten bat egingo du gutxieneko curriculum bat ezartzeko estatu kideetako hezkuntza- eta eskualde-sistemetan, helburua izanik europar guztiok ezagutzea zer harreman komun izan ditugun historian zehar, ekialdearen eta mendebaldearen, iparraldearen eta hegoaldearen arteko ezezagutza eta errezeloak gainditzeko, kontzienteak izan gaitezen zein garrantzitsua den Europako esparrua munduko esparruaren barnean. Europaren historia ireki eta kritiko bat, gure historiaren konplexutasuna agerian jartzen duena, mekanismo egokia izango da historia partzialak eta desbideratzeak gainditzeko. Izan ere, halakoek garrantzi handia izan dute Europako herritarrak muga mentalen arabera banatzeko orduan.

8. Europako Batzordeak txosten bat egingo du jaiotze-tasa baxuaren arazoari buruz, neurri eta proposamenak eginez. Izan ere, arazo larria eta konplexua da Europan, eta beharrezkoa da eztabaida eta irtenbide komunak aplikatzea, gutxienez alderdi batzuetan.


IV. Eskualde eta nazionalitateek Europar Batasunean duten paperari buruzko gogoeta eta proposamenak

IV. Eskualde eta nazionalitateek Europar Batasunean duten paperari buruzko gogoeta eta proposamenak

Europaren etorkizunari buruzko proposamenak biltzen dituzten dokumentuetan, nabarmen ahaztuta geratu ohi dira eskualdeen garapena, subsidiariotasun-printzipioa eta estatuz kanpoko eragile politikoen parte-hartzea. Are, 2017ko otsailaren 16ko Europako Parlamentuko ebazpenean, bi erreferentzia besterik ez da egiten eskualdeei buruz, nahiz beste alderdi batzuk xeheki azalduta dauden:

«AF. Kontuan izanik Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialaren eta Eskualdeetako Lantaldearen funtzioak babestu egin behar direla, hau da, gizarte zibileko erakundeen ordezkari instituzionalak eta eskualde-mailako eta tokiko eragileak diren heinean; izan ere, haien iritziek legeak egiteko eta politikak formulatzeko prozesuen legitimitate demokratikoa areagotzen laguntzen dute.
AG. Kontuan izanik Europar Batasuneko eskualde-mailako eta tokiko gobernu gehienek sistematikoki adierazi dutela, Eskualdeetako Lantaldearen bitartez, Europar Batasun integratuagoa eta gobernantza eraginkorrekoa nahi luketela.

a. Eurobasque ohartua da gai hori ez dagoela Europar Batasuneko erakundeen eztabaida ofizialean, eta gutxiegitzat jotzen du eskualdeek Europako gobernantzan duten zereginari eta etorkizunari buruz Europako Parlamentuaren dokumentu horretan esaten dena.

b. Egia da eskualdeek eta tokiko botereek badutela konpromisoa Europa batuago batekin eta beharrezkoa dela gaur egungo gobernantza hobetzea eraginkorragoa izan dadin. Baina, horretarako, ez da nahikoa haren funtzioak babestea eta haren zeregina iritziak ematera mugatzea.

c. Bestalde, tratatuak behin baino gehiagotan aldatu badira ere Eskualdeetako Lantaldea sortu zenetik, EBko eskualdeen kontua ez da konpondu, eta, are, gaur egun Europaren etorkizunari buruzko eztabaidaz sortzen diren dokumentuetan ikusten denez, agendan ere ez dute sartzen.

d. Eurobasque kezkatuta dago egoera horren aurrean, eta zenbait proposamen landu ditu gaiari buruzko gogoeta bultzatzeko:

1. Abiapuntu gisa, asmoa ez da eskualde eta nazionalitate batzuen arazoek Europar Batasun osoaren gobernantza baldintzatzea, hori ere legitimoa izan arren.

2. Hala eta guztiz ere, badirudi beharrezkoa dela Europar Batasunak egoera aintzat hartzea eta malgutasun-printzipio bat txertatzea tratatuetan, gobernantza orokorrerako sisteman elementu diferentzialak ere sar daitezen. Era horretan, estatu konposatu edo federalek parte-hartzeari begira dauzkaten premiak beteko lirateke, baldin eta estatu batean beharrezkoa bada horri buruzko behin-behineko barne-akordio bat inplementatzea. Agerikoa da ez dela erraza oreka lortzea batasunaren eta dibertsitatearekiko errespetuaren artea, biak beharrezkoak izanik ere. Nolanahi ere, horixe da, izan, Europar Batasunaren goiburua. Zailtasuna ezin da aitzakia bat izan erronkari ez aurre egiteko.

3. Beharrezkoa da eskualdeek –bereziki legegintza-eskumena duten parlamentuak dituzten eskualde eta nazionalitate konstituzionalek, herritarrek aukeratuak diren heinean– eraginkortasun handiagoz parte hartzea EBko bizitza politikoaren funtzionamenduan. Izan ere, era horretan, Europa hurbilago legoke halako eskualdeetako herritarrengandik, eta hobeki antolatuko litzateke Europaren konplexutasun politikoa. Horretaz gainera, EBk legitimitate handiagoa izango luke.

4. Europako Batzordeak txosten bat prestatuko du legegintza-eskumenak dituzten eskualdeak eta nazionalitate konstituzionalak identifikatzeko, baita haien eskumen eta botereak zehazteko ere; era horretan, eskualdeen mapa bat osatuko da, eztabaidarako oinarri izan dadin.

5. Europako Batzordeak proposamen bat egingo du, formula zehatz batzuk aplikatuz, legegintza-eskumenak dituzten eskualdeen funtzio politikoa sendotzeko, bereziki sistema konstituzionaletan aintzatetsitako nazionalitateena. Era horretan, Europar Batasunaren legitimitatea hobetuko da, estatuen artean bidegabekeria konparatiborik egin gabe eta Batasunaren legegintza-prozesuan eta erabakiak hartzeko prozesuan oztoporik jarri gabe.

6. Erakunde arteko lantalde bat sortuko da (Eskualdeetako Lantaldeak ere parte hartuko du), eztabaidatzeko ea politikoki nola egokitu behar diren legegintza-botereak dituzten eskualde konstituzionalak eta nazionalitate konstituzionalak EBren sistema politiko eta legegilean.

7. Nazionalitate konstituzionalak. Nazionalitate konstituzionalek konstituzio propioa edo autonomia-estatutu bat izaten dute, estatuaren barnean hitzartua eta estatuaren konstituzioan onartua. Horrenbestez, esparru politiko propioa dute, eta haien parlamentuaren gehiengoa estatuko parlamentuaz bestelakoa izan daiteke.
EAlegia, garrantzi handiko erabakietan (adibidez, EBren tratatuak aldatzea), halako nazionalitateek ordezkaritza izan behar lukete aldaketa eztabaidatzen den konbentzioan. Funtzionamendurako adosten diren printzipioen arabera, azter liteke ea botorako eskubiderik izan behar luketen edo ea zer mekanismo ezartzen diren parte-hartzerako, baina zail suertatzen da ukatzea eztabaidetan parte hartzea eta beren ekarpenak zuzenean egitea. Gainera, nazionalitate konstituzionalak gutxi izanik, proposamena bideragarria litzateke.
Areago, arrazoi politiko eta legitimoetan oinarrituta, iraganean ere eman izan da horretarako aukera. Hala, tratatu konstituziogilea landu zuen konbentzioan, juridikoki Europar Batasuneko kide ez ziren zenbait estatuk parte hartu zuten; horrenbestez, orain ere posible litzateke estaturik ez duten baina esparru politiko diferentzialak dituzten eta beren sistema konstituzionaletan onartuak diren nazionalitateak ere kontuan hartzea. Europako lege-esparru berrian, haien eskumen eta botereak ere aldatuko lirateke.

8. Bereziki garrantzitsua da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako (EAEn) eta Nafarroako Foru Komunitateko foru-ogasunei dagokiena. Izan ere, autoritate eskumendunak diren heinean, aukera izan behar lukete Ekonomia eta Finantza Kontseiluaren (ECOFIN) esparruan zerga-sistemari eta halakoei buruz harturiko erabakietan parte hartzeko. Horretarako, beharrezkoa da estatuaren barne-akordio bat izatea eta ECOFINen araudia aldatzea.

9. Ildo horretan, erakunde politikook Europar Batasunarekin loturiko nazionalitate-estatutu bat izan lezakete, betiere dagokion estatu kidea ados badago, eta katalogo bat adostu behar litzateke eskubideak eta betebeharrak zehaztuz. Ideia hori Alain Lamassoureren aspaldiko proposamen batean oinarrituta dago; gaur egun ia ahaztua dagoen arren, bere garaian jende eta erakunde askok onetsi zuen, eta, gutxienez, esan liteke badela aztertu beharreko ideia interesgarri bat.

10. Gainera, eskualde-mailako parlamentu kopurua txikia denez, bideragarria litzateke ideia hori EBko erakundeen lanetan txertatzea eta erlazionatzea modu eraginkorrago batean, bai informaziorako sarbideari dagokionez, bai parte-hartze eraginkorrari dagokionez, Parlamentuko, Batzordeko eta Kontseiluko batzordeetan (Europako Parlamentuaren ebazpenean planteatzen den eskema instituzionalean), betiere eskumenak errespetatuz.

11. Europar Kontseiluaren gaur egungo prozeduraren eta boto-sistemaren arabera, praktikan, estatu bateko eskualde guztiek jarrera bakarra adostu behar dute, dagozkien eskumenen esparruan, eta jarrera horixe bozkatuko du haien gobernu zentralak. Halakorik posible ez denean, gobernuak berak erabakitzen du zer jarrera hartu, nahiz berez ez izan eskumen hori dagokion organo konstituzionala.

Arazo praktiko horren aurrean, beharrezkoa da beste aukera batzuk aztertzea, halako eskualde politikoen parte-hartzea eraginkorra izan dadin. Kontuan hartu behar litzateke, halaber, gobernu zentralak bere botoak bi aukeratan edo gehiagotan banatzeko aukera. Kontseiluan eztabaidatzen diren gaiak, definizioz, Europari buruzkoak izaten dira, edo Europako dimentsioak eraginkortasun-gehigarri bat dakar; hori dela eta, estatukako botoa funtzionala da, baina horrek ez dakar eskualde-mailako subjektu politikoek beste jarrera bat hartzea Europari buruzko eztabaida batean beren interes edo egitura ekonomiko eta sozialen partikularren arabera.

Botoa banatzeko aukera hori zabalik izatea (27 boto dagozkion estatu batek aldeko 21 boto eta aurkako 6 eman litzake, beraren eskualdeetan zer erabakitzen den) oso lagungarria litzateke zenbait estaturen arazo zail horri barne-irtenbideak emateko. Gainera, Europar Batasunaren legitimitatea sendotuko litzateke, gobernu-maila bakoitzaren erantzukizuna eta kontu-ematea ikusgarriagoa izango litzateke, eta Europako eztabaidak eskualdeetako herritarrentzat interesgarriagoak izatea lekarke.

12. Alde horretatik, arrazoizkoa da eskatzea halako estatu azpiko maila politikorik ez duten estatuek malgutasuna izatea araudietan, autoritate konstituzional eskumendunek parte-hartze erreala izan dezaten, demokratikoki aukeratuak izan diren heinean halako politikak kudeatzeko. Europako Batzordeak proposamen zehatzak egin behar lituzke gaur egungo gobernantza instituzionalak garatu duen gobernuartekotasunaren ondoriozko defizit demokratikoa zuzentzeko, dagozkion estatu eta eskualdeekin lankidetzan eta gainerako estatuen ikuspegiak kontuan hartuta.

13. Europar Batasunak, bere etorkizun instituzionalaz gogoeta egiten ari den une honetan, inteligentziaz eta malgutasunez jokatu behar du, estatu kideetako aniztasun politikoa eraginkortasunez egokitu dadin eta parte har dezan Europako gobernantzan.

14. Subsidiariotasun-printzipioan oinarrituta, estatuaz azpiko barrutiak sortu behar lirateke Europako hauteskundeetan, estatu deszentralizatu edo konposatuetan, Europa hurbilago egon dadin lege-eskumenak dituzten eskualdeetatik eta nazionalitateetatik. Era horretan, herritarrak Europarekiko eta are sistema instituzionalarekiko axolagabe sentitzeko arriskua saihestuko litzateke.

V. Euskal erakundeei begirako beste proposamen batzuk

V. Euskal erakundeei begirako beste proposamen batzuk

1. Eurobasquek ontzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak «Europaren etorkizunari buruzko ikuspegia» dokumentua idazteko ekimena hartzea, eta nahi luke Eusko Legebiltzarrak eta foru- eta udal-erakundeek ere parte hartzea Europaren etorkizunari buruzko eztabaidan, bereziki kontuan hartuz Europako Parlamentuak 2017ko otsailaren 16an emandako ebazpena, EBren gaur egungo konfigurazio instituzionalaren aldaketa eta egokitzapen posibleei buruzkoa.

2. Dokumentu horretan esaten denaren ildoan, Eusko Legebiltzarrari proposatzen diogu azter dezala ea badagoen aukerarik Euskadin bizi diren europar herritarrek Euskadiko hauteskundeetan botoa emateko (eta aukeratuak izateko), Europako hauteskundeetan eta udal hauteskundeetan bezala. Gauza bera foru-hauteskundeei dagokienez.
Aztertu behar litzateke nola bideratu antzeko eskakizun bat Diputatuen Kongresuan eta Senatuan ere, europar herritarrek aukera izan dezaten Gorte Nagusietako hauteskundeetan ere botoa emateko eta hautatuak izateko.

3. Eusko Jaurlaritzari proposatzen diogu osoko bilkura monografiko bat egin dezala Europako integrazioak euskal autogobernuan izan duen eraginari eta Europaren etorkizunaren eztabaidari buruz. Halaber, bilatu ditzala Eusko Jaurlaritzako diputatu hautetsien arteko elkarrizketarako eta adostasunak lortzeko mekanismoak.

4. Eusko Jaurlaritzari proposatzen diogu osoko bilkura monografiko bat egin dezala Europan sartzeak euskal autogobernuan izan duen eraginari buruz. Europar Batasunaren eskumenen zerrendak abiapuntu gisa balio behar luke euskal agintariek Europar Batasunean parte hartzeko eta kontrol demokratikoa aplikatzeko mekanismoak izan ditzaten.

5. Gogoratu behar da Europar Batasunaren esparrua garrantzitsua dela euskal autogobernuarentzat; hala, gomendatzen dugu hori behar bezala kontuan izatea estatus politikoa gaurkotzeko lan parlamentarioetan. Horrek, bestalde, Europako integrazioari ikusgarritasuna emango lioke euskal herritarren aurrean.

6. Eusko Jaurlaritzari proposatzen diogu susta dezala estatu-izaerarik ez duten parlamentuetako presidenteek dokumentu bat idaztea eta sinatzea Europako integrazio-prozesua babestuz eta nahi dugun Europari buruzko ikuspegia aurkeztuz.

7. Euskal herritarrek Europako hizkuntzak ikastea sustatu behar da. Alde horretatik, gomendatzen da film eta programen jatorrizko bertsio azpititulatuak ematea.


1 2017ko uztailaren 13an, Eurobasque Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak bilera bat egin zuen, Donostian, eta han adostu zuen «Eurobasqueren akordioa Europako Parlamentuak 2017ko otsailaren 16an Europaren etorkizunaz emandako ebazpenaren karietara, EBren gaur egungo konfigurazio instituzionalaren aldaketa eta egokitzapen posibleei buruzkoa» (2014/2248 Ebazpena (INI)). Ebazpen hori Eurobasqueren gogoetaren abiapuntutzat hartu zen, Europaren etorkizunari buruzko eztabaidaren eta Europako Batzarraren 70. urteurrenaren esparruan (1948ko maiatzean egin zen batzarra, Hagan).

2 «Résolus à substituer aux rivalités séculaires une fusion de leurs intérêts essentiels, à fonder par l’instauration d’une communauté économique les premières assises d’une communauté plus large et plus profonde entre des peuples longtemps opposés par des divisions sanglantes, et à jeter les bases d’institutions capables d’orienter un destin désormais partagé» (Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatua, 1951eko apirilaren 18koa. Letra etzana gurea da).

3 «La mise en commun des productions de charbon et d’acier assurera immédiatement l’établissement de bases communes de développement économique, première étape de la Fédération européenne, et changera le destin des régions longtemps vouées à la fabrication des armes de guerre dont elles ont été les plus constantes victimes» (Letra etzana gurea da). (cursivas añadidas).

Back To Top